“Miss Karaoke” azken emanaldiak

Apirilaren 11an Lasarten Korrikarekin bat eginez eta maiatzaren 31ean Gasteizen, agur esango diogu bi urtez iraun duen esperientzia itzel bati (ikus HEMEN). Ohiko moduan ospatuko dugu: kantuz, dantzaz, umorez, maitasun probokatzaile batez. Animatuko zara?

Bi urte beteko dira maiatzean Miss Karaoke antzezlana estreinatu genuenetik, Gasteizko Principal Antzokian, Bilboko Arriagan eta Donostiako Principal antzokian. Ordutik, esperientzia humano, kreatibo eta eszeniko itzela izan da lantaldean aritu garenontzat. Hastapenetik arriskuak hartzea izan genuen xede, hala edukietan nola emanaldia zabaltzeko moduetan, eta ontzia portu onera iritsi dela sentitzen dugu. Euskarazko dramaturgia berriak arakatzea izan dugu erronka, eta zentzu horretan, asetuta eskainiko ditugu azken emanaldiok.

Aurretik elkarrekin lan egin gabeak ginen lantaldean ibili garen aktore, kanpo behatzaile zein konspiratzaileak. Esperimentazio prozesu bat jarri genuen martxan, Metrokoadroka kolektiboan urte luzez probatutako teknikak eta formulak izendatzeari eta formulatzeari ekin genion orduan, lantalde berri batekin lan egitearen ondorioz. Ordutik etapa eszeniko berri bat hasi zen, eta teknikak formulatzeko ahalegin horretan jarraitu genuen “Tartean dauden gorputzak” bezalako ikastaro eta laborategi proiektuetan.

Metrokoadroka kolektibotik esker ona baino ezin dugu adierazi: Pez Limbo taldeari, proiektu hau posible izateko elkartasuna adierazteagatik; Gasteizko Principal Antzokiari, “Dramaturgia beriak” deialdiaren baitan proiektu honetan sinesteagatik; publikoari, jaso dugun harrera beroa eta gogoeta sakonengatik; eta batez ere, oholtza gainean egon den laukoteari, hainbeste izerdi eta sormen hain eskuzabal emateagatik.

Emanaldia ikusi ez baduzue, edo berriro ikusi nahi izanez gero, hauexek dituzue azken aukerak:

-LASARTE, apirilak 11 21:00, Manuel Lekuona kultur etxean: Korrikarekin bat eginez.

-GASTEIZ, maiatzak 31 20:30, Jesus Ibañez de Matauko antzokia (Hegoalde). Sarrerak: 6 euro.