Rafa Ruedak eta Oier Guillanek “Munduaren neurria” errezitaldia eskainiko dute

Rafa Ruedak eta Oier Guillanek iaz formatu txikian sortutako Munduaren neurria errezitaldi musikatua eskainiko dute beste bi aldiz:

-Maiatzaren 26an 19:30ean Donostiako Ernest Lluch kultur etxean.

-Ekainaren 4an 20:00etan Zarauzko Euskalduna tabernan, Kafe Torero egitaraua.

Munduaren neurria iazko udan sortu zen kalean egiteko pieza labur modura, Donostia 2016ren ekimenez, eta ordubeteko saio bilakatu zen azaroan Arrasateko Liburutegiaren eskariz.

Munduaren neurria emanaldian Rafa Ruedak eta Oier Guillanek barrenak astindu dizkieten hainbat testu errezitatu eta kantatuko dituzte. Guztiak harilkatzeko pertsonaia bitxi baten istorioa kontatuko dute: Zauri Bolodia, sasiraultzaile intimoa, Holy Motors eta Tokio filmeetako pertsonaia bat gogoan. Testu guztiek gauza bat dute komunean: guztietan azaltzen da “mundua” hitza.

Hauek dira errezitatuko dituzten testuen egileak eta itzultzaileak: Gabriel Aresti, Vladimir Maiakovski (Koldo Izagirre itzultzaile), Jose Luis Otamendi, Alejandra Pizarnik (Asier Sarasola itzultzaile), Jule Goikoetxea, Jon Gerediaga, Angelica Liddell (Danele Sarriugarte itzultzaile), Brane Mozetic (Rikardo Arregi Diaz de Heredia itzultzaile).

(Kartelaren egilea: Idoia Beratarbide).