ZANBUIA! emanaldi-esperimentua egingo dugu Ean

Gaur aurkeztu dute Eako Poesia Egunetako egitaraua. Bertan izango gara proiektu berri batekin: ZANBUIA!. Esperimentu bat izango da oinarria: astebete emango dugu Ean egonaldian, herrian sortzen eta herriko jendearekin hitz egiten, eta egun horietan hutsetik sortutakoarekin osatuko dugu uztailaren 14an Eako kaleetan eskainiko dugun emanaldia.

Horretarako, Metrokoadrokaren proiektuetan modu batera edo bestera parte hartu izan dugun 14 sortzaile elkartu gara: Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javier Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corine Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Kurius Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez Toledo, Unai Lopez de Armentia, Óscar Manso, Joseba Roldan, Marina Suarez Ortiz de Zarate.

Ohiko moduan pasioz beteriko egitaraua antolatu dute Eako bidaideek, DATORREN ASTEAN ERDU EARA!!!!!


ZANBUIA!
14 oinatz uretan

“Historia ahazteko egina dago”, erantzun ohi diet.
“Edertasunak salbatzen ditu istorio txikiak”.
Iñigo Aranbarri (Zulo bat uretan)

Ez ote gabiltza pertsonak arrastoa utzi nahian denboran? Ez ote da sormena bera, uretan uzten saiatu garen oinatza? Ez ote da justizia nahia, irrikan espero dugun mirakulu ateoa? Antzezlan honetako pertsonaiek erantzun bakarra topatu dute galderontzako… historiaren uretan ZANBUIA!

Umorea, performancea, arte plastikoak, zirkua eta kale antzerkiko energia uztartuko ditu “Zanbuia!” antzezlanak, eta behin bakarrik egingo da: Metrokoadroka kolektiboak 10 urte bete dituen honetan, bere proiektuetan moduren batera edo bestera parte hartu edo kolaboratu duten 16 sortzailek esperimentu bat egingo dute: uztailaren 9tik 13ra Ean bizitzen eta sortzen jardungo dira, eta hortik aterako dena taularatuko dute uztailaren 14an.

Parte hartzaileak: Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corinne Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez, Unai Lopez de Armentia, Oscar Manso, Joseba Roldan, Marina Suarez Ortiz de Zarate.