ZANBUIA! gertatu da Ean

Uztailaren 14an ez genuen ZANBUIA! antzeztu: ZANBUIA! gertatu egin zen.

14 sortzaile elkartu ginen astebetez Ean, bakoitza bere nortasun, imajinario eta pasioekin. Elkarlanean oinarritutako prozesu bat abiatu genuen astebetez, eta egun horietako emaitzarekin antzezlana osatu genuen Eako Poesia Egunen barruan. Sortzaileak hauek izan ginen:

Ainhoa Alberdi, Maite Aizpurua, Javier Barandiaran, Idoia Beratarbide, Corine Cella, Amaia Corral, Iraia Elias, Ander Kurius Fernandez, Oier Guillan, Idoia Hernandez Toledo, Unai Lopez de Armentia, Óscar Manso, Joseba Roldan, Marina Suarez Ortiz de Zarate.

Sormen prozesua gogoratzekoa izan zen zinez, dokumental bat egiteko modukoa: elkartasuna, negoziazioa eta entzumena nagusitu ziren une oro norberaren berezitasunen gainetik. Aste intentsua, kreatiboki brutala… hitz bakarrean laburbildu beharko genuke, ezin hobeagorik topatu: EDERRA.

ZANBUIA! ez genuen Ean egin, Earekin egin genuen.

Eako Poesia Egunen ekimenez egin genuen guztia, haiekin elkarlanean, Eako biziagunek kontatutako oroitzapenetan inspiratuta.

ZANBUIA!k ez zituen Eako kaleak eta naturguneak okupatu, haiek okupatu gintuzten gu.

Aldarrikatu ohi dugu euskal teatroarentzat duintasuna eta errekonozimendua, aldarrikatu ohi dugu leku bat, edo are, euskal teatroa bera dela lekua. ZANBUIA! ez genuen egin aurrekontu handien babespean, ez kultur programazio ofizialen hauspoarekin, ez sarien akuiluarekin. ZANBUIA! pertsonen arteko sormen elkartasunean gertatu zen, antolatzaileen eta sortzaileen artean, taldekideen artean.

ZANBUIA! ez zen emanaldi perfektua izan, baina nekez oroit dezakegu inperfekzio perfektuagorik.

ZANBUIA! ez da errepikatuko, horregatik, ZANBUIA! bertan zegoen publikoak egin zuen posible, han egondako guztiok berriro gertatuko ez den une bat sortu genuelako elkarrekin.

ZANBUIA! ez genuelako antzeztu: ZANBUIA! gertatu egin zen.

Eta lekukotza ezin hobeak eskaini dizkigute hala Agus Perez eta Galder Perezen testuek, nola Ikorkotxen argazki hauek: