“21 aulki” mikroerrezitaldi zikloa Oiartzungo 100TZE sormen espazioan

“21 aulki” izeneko mikroerrezitaldi zikloa antolatu dugu Oiartzungo 100TZE sormen espazioan (Arraskularre 16 kalean kokatua).

Urtarrilean hasi eta apirila bitarte Josu Landa, Goiatz Labandibar, Jose Luis Otamendi eta Metrokoadroka kolektiboko kideak izango dira errezitaldiak eskaintzen.

EGITARAUA

Hauxe da 100TZE espazioan prestatu duten egitaraua (emanaldi guztiak Oiartzungo 100TZE espazioan izango dira, 19:30ean).

Urtarrilaren 28an: Josu Landak “Miguel Hernandez kantuz” errezitaldia eskainiko du, Susa argitaletxearen eskutik Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan plazaratutako antologia oinarri.

Otsailaren 25ean: Goiatz Labandibarrek Zuri-beltzean izeneko irakurraldia egingo du, bere azken narrazio eta ipuinekin. “Hala bazan… klixk!” proiektuan oinarritutako irakurraldia izango da, idazleak Poloniako egonaldi artistiko batean idatzitako testuak oinarri.

Martxoaren 17an: Jose Luis Otamendik Kapital publikoa liburuan oinarritutako errezitaldia eskainiko du. Otamendik 2014an plazaratu zuen poema liburua, Susa argitaletxearen eskutik.

Apirilaren 28an: Hautudeterminazioa izeneko antzerki-irakurketa dramatizatua eskainiko dute Metrokoadroka kolektiboko bi kidek. Testu hau Jakin aldizkariaren enkarguz sortu zen, “Euskara, estatugintza eta naziogintzaren erdian” jardunaldiaren barruan.

ZERGATIK “21 AULKI”?

“21 aulki” izena jarri diogu ekimenari, 100TZE espazioa txikia izanik gehien-gehienez hogei aulki jar ditzakegulako. Bertan antolatzen ditugun emanaldiak publiko-talde txikiei zuzenduak izango dira beti. “Batgarren” horrekin gonbidatuaren etorrera adierazi nahi dugu sinbolikoki. Askotan nagusitzen den joeraren kontra, gure ustez emanaldi baten kalitatea ezin da erakartzen duen jende kantitatearen arabera neurtu. Antzoki handi zein txikia izan, emanaldi orotan edukia eta publikoarekin ematen den komunikazioa dira garrantzitsuena. Horregatik, formatu txikietan gauza handiak egin daitezkeela sinestuta gaude. Errealitate hori haintzat hartuta, errezitatzera zein entzutera datozenei hitzordu goxo bat eskaintzea izango da gure asmoa.

Hogei aulki edukiko ditugu gehienez, baina ez dugu deskartatzen etorkizunean pertsona bakarrarekin osatutako publikoentzat ere antzerki emanaldiak antolatzea, gertutasun handiko emanaldiak arakatu, ikertu eta eskaini nahi genituzkeelako aurrerantzean.

AULKIA ERRESERBATZEKO AUKERA

Emanaldiotarako aulkia erreserbatzeko aukera egongo da, email honetara idatzita edo ondoko telefonora mezua bidalita:

ehuntze@gmail.com

652701553

Emanaldi guztiak doakoak izango dira.