“Artxibo biluzia” laborategia maiatzaren 13 eta 14an Gasteizko Baratzan

Joan Mari Torrealdai Beka jaso ostean, ARTXIBO BILUZIA proiektuaren hastapenetan ibili gara azken garaietan, itzaleko lanean. Proiektuak bi ardatz izango ditu: alde batetik performance laborategi bat, bestetik formatu txikiko pieza eszeniko bat. Laborategia eskainiko dugu, lehenbiziko aldiz, maiatzaren 13 eta 14an Gasteizko Baratza aretoan, Zurrunbilo jaialdiaren barruan. Jarraian informazio guztia (Irudia: Idoia Beratarbide).

Baratzako laborategia maiatzaren 13 eta 14an egingo da, ordutegi honekin: 10:00-14:00 eta 15:30-19:30. Matrikula: 90 euro. Izena emateko epea: maiatzak 10.

Izena emateko: https://salabaratza.com/eventos/zurrunbilo-artxibo-biluzia-dokumentakzioa-lantzeko-performance-tailerra-metrokoadroka/

ZERTAN OINARRITUKO DA LABORATEGIA?

Laborategi honek ikerketa lerro hau izango du: “Dokumentua akzioaren detonante bezala”.

Zentzu horretan, “DokumentAkzioa” deitu dugu landu nahi dugun bidea.

Laborategian idazketa dramatikoa eta akzio fisikoa uztartuko dira.

Laborategiak helburu eszeniko bat izango du, baina ez soilik. Helburua parte hartzaileek landu nahi luketen dokumentazio lan propio baten inguruko material berriak sortzea litzateke, haien ikerketa propioan lagunduko diena.

Laborategian ez da ezer “irakatsiko”. Metrokoadrokako kideek ARTXIBO BILUZIA proiektuaren garapenean lantzen ari diren ariketak, teknikak eta ideiak modu praktikoan partekatuko dituzte. Dialogo kreatibo bat izango da, beraz.

Laborategiaren hartzaileak arte eszenikoekin harremana dutenentzat aproposa izan daiteke, baina ez dago soilik arte eszenikoetara zuzendua: arte eszenikoetan esperientziarik ez dutenek edo beste edozein diziplina jorratzen dutenek ere parte hartu ahal izango dute. Eskatzen den bakarra jarrera irekia eta gauzak probatzeko prestutasuna da.

LABORATEGIAREN AZALPEN OROKORRA:

Joan Mari Torrealdai atxilotu zutenean, poliziak bere etxetik dokumentu zenbatezinak eraman zituzten. “Ordenatuta zegoena desordenatu, armairu eta txoko guztiak miatu, milaka dokumentu eta paper eraman. Begirunerik gabe. Eta zehaztu edo deskribatu gabe. Inpotentziarik handienarekin ikusten nuen nola ari ziren hondatzen nire bizitza eta lan profesionala, nire ikerketak, nire etorkizuna. Biluzik utzi ninduten, ez fisikoki, bai intelektualki”, kontatuko zuen Torrealdaik beranduago. Artxibo biluzia laborategia egiteko egun hartan hutsik geratutako karpeta bat irudikatu dugu, eta antzerkiaren baliabideekin betetzen saiatu gara: gorputzez eta ekintzez jantzi nahi dugu biluztasuna.

Dokumentazio lana iraganaren inguruan narrazio bat sortzen lagundu ahal digun langintza da. Narrazio hori beti orainean ematen da, gaurko begiekin, eta etorkizunera proiektatzen da, arrastoek beren kabuz denboran hitz egingo duten itxaropenarekin. Laborategi honetan Metrokoadroka kolektiboak prozesu horren une bati erreparatu dio batez ere: izan daiteke dokumentua, bere horretan, akzio baten pizgailua? Izan daiteke dokumentu bat gorputzak martxan jartzen dituen detonantea?

Ekintza eszenikoa, dokumentua, performancea eta antzerkiaren mugetan mugitzen den laborategia da Artxibo biluzia.

INFORMAZIO GEHIAGORAKO:

metrokoadroka@metrokoadroka.eus

+34 679977276