“Gezi beltzak” idazketa kreatibo tailerra Ehuntzen

Aurten ere GEZI BELTZAK idazketa kreatibo tailerra antolatu dugu Oiartzungo EHUNTZE sormen espazioan: “GEZI BELTZAK 2: espedizioa”.

Ehuntze espazioko proiektuetan sormenaren munduan murgiltzeko baliabideak proposatu ohi ditugu; kasu honetan, literatura eta idazketa izango dira ardatzak.

Edonork idatz dezake baina, era berean, idazketa ikasi, entrenatu, praktikatu egin daiteke. Testuen lanketarako ez dago formula bakar eta magikorik, baina entrenamenduak eta, batez ere, irakurketak, bidaide apartak izan daitezke. Ideia horietatik abiatuko gara idazketa tailer honetan; bertan edonork har dezake parte, ikasteko eta gauzak probatzeko prest baldin badago.

Taldean ikasle bakoitzaren nahiak errespetatu eta zaindu egingo dira: maila berean egongo dira zaletasun edo gozamen hutsez idatzi nahi dutenak, zein publikatu dutenak edo inoiz publikatzera iritsi nahi luketenak.

Jakinahia gozamenarekin uztartuko dugu: ariketa praktikoetan ez ohiko jolasak eta esperimentuak probatuko ditugu, pedagogia kreatiboenei loturik, ikasleek ahalik eta esperientziarik interesgarriena eta osoena izan dezaten.

Gidaria: Oier Guillan.
Gonbidatuak: Jose Luis Otamendi, Danele Sarriugarte, Mikel Antza eta Mari Luz Esteban.

LEKU MUGATUAK!!!

Bi larunbata goiz eta ostiral iluntze bat hilean.

Oiartzuarrentzat hilean 30 euro, kanpokoentzat 40 euro.

Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: urriak 28, ehuntze@gmail.com