Hirugarren “21 aulki” zikloa Oiartzunen

“Emakume ikusezinak begira” ideian inspiratutako zikloa antolatu dugu Oiartzungo EHUNTZE sormen espazioan, urriaren 4-5-6an, eta ondoren azaroa arte luzatuko den “Sinesgaitzari bide egiten: emakume-ahotsen genealogiak” ikastaroan. Jarraian ikus dezakezue egitaraua osorik.

Aurkezpena

2012an zabaldu zituen Oiartzungo Arrakuelarre kalean Ehuntze proiektuak. Bertan hartu dute habia hiru proiektuk: Idoia Beratarbide Arrietaren artistaren estudioa eta lantegia, Marodi jantzigintza artistiko taldea, eta Metrokoadroka kolektiboa.

Zazpi ikasturtez haurrei sormen klaseak eman dizkie Idoiak, arte eszenikoetako antzezlan ugariren arropak diseinatu ditu Marodik, Metrokoadrokak bertan abiatu ditu hainbat proiektuko lehen bilerak. Horrez gain, Ehuntzek “21 aulki” zikloa antolatu du hiru urtez, bertan sorkuntza, pentsamendua eta generoari loturiko ekitaldiak eskainiz Oiartzungo herriari eta bertara gerturatu nahi duen orori.

Aurten “Emakume ikusezinak begira” leloa jarri diogu zikloari. Bertan honako mezuaz sakondu nahi dugu: “ikusezina da begiratua ez dena. Baina begiratua ez denak, badu ikusteko gaitasuna”. Hainbat emakume ahotsen sorkuntza garaikideari begira jarri gara gu ziklo honetan.

“21 aulki” zikloak lokalaren txikitasunetik hartu du izena. Aulki gutxi kabitzen dira bertan, eta horregatik, izen horrekin espazioa definitzeaz gain txikitasunaren kalitatea izan nahi dugu aldarri: gure ustez, proiektuen handitasuna ez da beti espektakuluaren sinonimo, batzuetan proiektuen handitasuna arriskuan, kultur ekarpenean, harremanen sarean sortzeko gaitasunean datza. Elkargune eta arrisku-gune izateko xede horrekin abiatu dugu “21 aulki” zikloa, arte eszenikoak, arte plastikoak eta oro har sorkuntzari loturik.

Egitaraua

Urriak 4, ostirala, 19:00, Ehuntze sormen espazioan

-Solasaldia: TUPUST! komiki antologia feministaren aurkezpena.

Parte hartzaileak: Maite Gurrutxaga, Arrate Rodriguez, Ainara Azpiazu “Axpi”.

Dinamizatzailea: Iratxe Retolaza. (*)

(*) Egun honetan Retolazak urrian eta azaroan emango duen ikastaroa aurkeztuko dugu.

Urriak 5, larunbata, 18:30, Ehuntze sormen espazioan

-Errezitaldia parte hartzaile hauekin, bi zatitan:

Goiatz Labandibar, Aintzane Galardi, Ainara Lasa eta Idurre Eskisabel.

Asier Sarasola (Alejandra Pizarnik-en poemak), Danele Sarriugarte (Audre Lorde-ren poemak).

Urriak 6, igandea, 19:00, Udal Pleno Aretoan

-EMAKUME BURUGABEA antzerki, musika eta literatura emanaldia.

Parte hartzaileak: Antxiñe Mendizabal, Nerea Gartzia, Pello Ramirez.

IKASTAROA

“Sinesgaitzari bide egiten: emakume-ahotsen genealogiak”

Iratxe Retolazaren eskutik

Datak:

-Urriak 28, 19:00etatik 21:00etara

-Azaroak 25, 19:00etatik 21:00etara

Lekua: Ehuntze sormen espazioa

Izen ematea: doakoa lekuak bete arte.

ehuntze@gmail.com

652701553

Iratxe Retolazaren ikastaroaren edukiak:

Tailer honetan euskal kulturako sortzaile batzuen ibilbideak izango ditugu hizpide, eta sortzaileen ekarpen artistikoak ezagutu ez ezik, kultur esparruan emakumeek aritzeko eta plazaratzeko izan dituzten aukerez zein mugez jardungo dugu. Saioen bitartez bi helburu hauek uztartuko ditugu: batetik, euskal kulturako ekarpen zenbait eta testuinguru kultural zenbait ezagutzeko aukera izango dugu; eta bestetik, ekarpen horien inguruko begirada feminista gorpuzteko aukera izango dugu, genero-ikuspegiak zein genero-kokapenek euskal kulturgintza nola zeharkatu duten azalarazteko.