Ilustratzaileen enkante dramatizatuan, Gelnst eta Zprist bueltan!

Galtzagorri elkarteak bere 25. urteurrena ospatzeko antolatu dituen ekitaldien artean Marraz(i)Oak proiektuan parte hartu izan duten hainbat artisten lanak aterako ditu enkantera. Metrokoadroka kolektibokoak jardungo gara enkantea gidatzen, Herio heroi antzezlaneko pertsonaien azalean sartuta. Maitasun berezia diegu Herio heroi antzezlaneko pertsonaiei, eta plazer hutsa da haiek tarteka berreskuratzea. Enkantean egongo diren lanen artean da kolektibokidea dugun Idoia Beratarbideren koadro bat ere. Ateratzen den diru guztia Lanpedusa irlan gauzatzen ari den proiektu bati emango zaio, elkartasunez.

Hona hemen ekitaldiaren berri Galtzagorrikoen hitzetan:

“Enkante dramatizatua

Urriaren 25a festa giroan pasatu nahi dugu, Galtzagorri Elkartea duela 25 urte urriaren 24an sortu baitzen. Goizetik hasiko gara, hortaz. Donostiako Gros auzoan dagoen Arteko arte-galerian subasta edo ENKANTE DRAMATIZATU ETA SOLIDARIOA egingo dugu, Metrokoadroka sormen laborategiko kideek aurkeztuta. Bertan biltzen den dirua IBBYk Silent books egitasmoaren baitan, Italiako Lampedusa uhartera iristen diren etorkinentzat martxan jarri duen liburutegira bideratuko da.

Subasta solidario horretan Galtzagorrik Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatzen duen Marraz(i)Oak topaketetan Euskal Herriko hainbat ilustratzailek egindako lanak aterako dira enkantera, baita topaketa horien gidari izan diren Elena Odriozola, Ignasi Blanch eta Harkaitz Canoren lanak ere.

Enkantera aterako diren beste lanen ilustratzaileak honakoak izango dira: Aitziber Alonso, Maite Azkargorta, Ainara Azpiazu “Axpi”, Idoia Beratarbide, Maite Caballero, Begoña Durruty, Unai Fernandez, Maite Gurrutxaga, Iñaki Martiarena “Mattin”, Lorena Martinez, Josean Morlesin, Nagore Txintxurreta eta Araitz Urbeltz.”

Arratsaldean urteurren festa antolatu dute San Telmo museoan.

Enkantea_kartela_ona