Estreinaldiaren harira plazaratu ziren kritikez gain, pasa den denboraldiko estreinaldiei begirada luzatu berri diete Galder Perezek eta Jaime Valverdek. Jarraian topatuko dituzue Miss Karaokeri buruzko aipamenak.
Galder Perez, Jakin-233 aldizkaria, “Euskal kultura 2017”.
Metrokoadroka Kolektiboa bere jolas propioan sakonki sakontzen dabil azken urte sakon hauetan. Oier Guillanek aurretik Mr Señora liburua Txalaparta argitaletxearekin aurkeztu zuen -zenbait antzerki testu bildurik.- eta, aurten, Gasteizko Pez Limborekin bat eginez, Miss Karaoke taularatu dute. Metrokoadrokari jolasak berak eta horrek ikusleengan sor ditzakeen barne mugimendu jostariak axola zaizkio. Oreretako kolektiboak antzerki jolasean hegan egiten du, arauak apurtu eta berregiten ditu, mugetatik harago jokatzea maite du. mahaiaren bueltan geratu beharrean, beste edonon jokatzen ditu partidak. Horrek guztiak iuslea plazerez beterik toki berrietara garraiatzea lortzen du, batzuetan eroso, besteetan amets batean bezala, identitatea galdurik. Hori da ikuslegoari gerta dakiokeen gauzarik ederrenetakoa, nor eta zer garen ez dakigun tokietara iristea, zer eta antzerkiaren jolasarekin iritsita.
Jaime Valverde, “2016-2017 denboraldiko estreinaldi batzuei buruzko iruzkina”.
EHAZEren “Argazki hau euskaraz mintzo da” argitalpenetik.
Aire freskoa da baita ere bukaerarako utzi dugun Miss Karaoke antzezlana. Izan ere, bestelako bide teatralei buruz ari garelarik, Metrokoadroka kolektiboa daukagu horrelakoetan etengabe aritu direnetakoa. Oraingo honetan, Oier Guillanen idazketa poetiko jostariak eta Metrokoadrokaren dramaturgia performatiboak aktore talde bikain batekin egin dute bat –Javier Fernandez, Unai Lopez de Armentia, Marina Suarez Ortiz de Zarate eta Iñaki Ziarrusta–, eta emaitza zoragarria izan da. Esango nuke nolabaiteko heldutasun artistikoa antzematen dela Miss Karaoke-n, edo behintzat irudipen hori daukat nik. Eskarmentu artistikoak ahalbidetzen duen erraztasunaz baliatzen du Guillanek bere ahots teatrala orain jolasteko, orain pentsarazteko, orain hunkitzeko. Aktore taldearen ekarpenak, gainera, alde eszenikoaren dimentsioa biderkatzen du. Umorea, nostalgia, aldarrikapena, poesia; zenbait aspekturen inguruan dago antolatuta gozatuz eta gozarazteko eginiko eskaintza artistiko hau. Identitatea, jatorria, hizkuntza, gorputza; elkarri lotutako hainbat gai jorratzen dira, publikoaren interpretazio subjektiboan beste hainbat gehiago sortuko dituztenak. Hemen, baiki, istoriorik baldin badago, pusketa sinboliko esanguratsuekin ikusleak bere kabuz eraiki dezakeena baino ez da izango.