“Nola belztu behar zuria” zuzeneko grabaketa, oroitzapenak sortuz

Su izan nahi antzezlaneko lehen emanaldien segidan parentesi txiki bat egingo dugu, azken urtean poz handiak eman dizkigun proiektuan beste behin murgiltzeko: NOLA BELZTU BEHAR ZURIA emanaldia, ostiralean 22:00etan Usurbilen. Zuzenean grabatuko dugu, uda ostean DVD euskarrian zabaltzeko.

Duela urte bete abiatu genuen Nola belztu behar zuria proiektua Bide Ertzean taldearekin batera, Jexux Artze kultur elkartearen ekimenez, Joxan Artzeren testurik berrienetatik abiatuta. Ordutik hainbat plaza ezagutu ditu emanaldiak, haietan azkena apirilean bertan Bartzelonako euskal etxean.

Ostiralean Usurbilgo Sutegin beste behin

Apirilaren 24an emanaldia estreinatu genuen antzokira bueltatuko gara, Usurbilgo Sutegira. Gaueko 22:00etan hasiko da saioa, eta grabatu egingo dugu, luxuzko lan talde batekin: Peio Gorrotxategi audioan, Junky-ren argiztapena, Zazpi t’ erdiren kamerak… Jexux Artze elkartea, Elkar argitaletxeak eta Usurbilgo Udalak bultzaturik gauzatuko dugu ekimena, eta uda ostean DVD euskarrian plazaratuko da.

Abentura berri hau konpartitu nahi duzuenontzat, sarrerak eskuragarri daude jada, Usurbilen eta Elkar dendetan.

Bagoaz, beraz, berriz ere oholtzara. Bazatoz?

“Nola belztu…” oroitzapenak sortuz, eta gauzatuz

Metrokoadroka kolektibotik parte hartzaile gaudenontzat esperientzia gozagarria izaten ari da. Batetik esperientzia iturri berria izan da: Bide Ertzean-ekoengan bidaide apartak topatu ditugu, maila artistiko zein humanoan. Bestetik, oroitzapenak ekarri ere ekarri dizkigu:

Joxan Artze Mikelazulo kultur elkartearekin elkarlanean ezagutu genuen (Herrien Astea, Poesiaren Astea, Urtzi Urkizuren No excuse dokumentala, Hatsa elkartearekin egindako parte hartzeetan…), eta sarritan izan dugu aholkulari errezitatze eta esperimentatze kontuetan. Ezin ahaztu Artzeren liburuek eta bakarkako zein taldeko performanzeek euskal kulturan zabaldu duten bidea. Zentzu horretan, zor bat kitatzea da proiektu hau guretzat.

Aitzakia ederra hauxe 2005eko No excuse berriz ere gogora ekartzeko, dokumental bat zeinean Artzek atal bakoitzeko errezitaldi labur bat egin zuen: