Gogoan dut lehen aldiz biluzi nintzen aldia.

Ez ninduen desioak biluzi, ez arropa eranzteak, ez pasioak.

Begirada batek baizik:

begirada batek zeharkatu ninduen lehen aldia,

begirada batek nire gorputza den bezala aztertu zuen lehen aldia,

begirada batek nire gorputza zauri guztiekin ikusi, barneratu, onartu zuen lehen aldia

-ispiluan-.

Begirada batek egin zidan min, begirada batek askatu ninduen

-nire begiradak-.

 

Mr. Señora antzoki bateko oholtzara igo eta publikoarekin hitz egiten hasi da: begiratuak sentitzen diren gorputzei buruzko gogoeta egin du batetik, bizitzaren edozein arlotan inoiz armairutik ateratzeko pausua eman dutenei maitasun deklarazio bat eskaini die bestetik. Umorez, aldarriz, arima probokatzailez.

Emanaldiaren azalpena:

Oier Guillanek Mr. Señora izeneko liburua plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, 7 teatro-testuez osatua. Horren harira teatro-errezitaldi dramatizatua sortu dute Metrokoadroka kolektiboko kideek. Mr. Señora liburuko testuetan umore absurduak, kezka politiko-sozialetan oinarritutako galderek eta elkartasunerako grinak egiten dute bat.