Nola belztu behar zuria, zuzeneko emanaldia

Joxan Artzek “Heriotzaren ataria dugu bizitza” eta “Bizitzaren atea dukegu heriotza” izeneko poesia liburuak kaleratu ditu Elkar argitaletxearen eskutik. Bertako poemak oinarri hartuta poesia eta musika emanaldia sortu dute Bide Ertzean taldeak eta Metrokoadroka kolektiboak: zazpi poema kanta bihurtu eta beste hogei inguru errezitatuko dituzte.

Emanaldia osatzeko orduan beren ohiko errezitaldietatik haragoko bidea egiten saiatu dira egileak: Bide Ertzean taldekoek pop-folk doinuen bidea hartu dute musikalki, Metrokoadroka kolektiboko kideek teatro ukituak dituen errezitatzeak egin dituzte, bien estiloak elkartuta eta gurutzatuta emanaldi propio eta ez ohikoa sortuz.

Edukiei dagokionez, liburuek jorratzen dituzten gaietan barrena osatu dute ibilbidea egileek: maitasuna, bizitza-heriotza, ama-aita, itsu-mutu-gorkeria, olerkaria zuria belzteko tenorean… Artzeren idazkerak dituen ardatzak hartu dituzte aintzat horretarako zuzenekoan: musikaltasuna, erritmoa, irudi kateatuak, hitz jokoak, sakontasun lirikoa.

Nola belztu behar zuria, funtsean, Joxan Artzeren poesiaren mundu zabala ahots eta doinuz jantzi nahi duen emanaldia da.

Emanaldia DVDan

Nola belztu behar zuria enkarguz sortu zuten egileek, Jexux Artze kultur elkartearen eskariz. Lehen emanaldia Usurbilgo Sutegi aretoan izan zen, 2014ko maiatzaren 3an. Emanaldiak izan duen harrera ona ikusita, DVD euskarrian grabatu eta plazaratzea erabaki zuten egileek, Joxan Artzeren libururik berrienak plazaratu dituen ELKAR argitaletxearen eskutik.

Zazpi t’erdi ekoiztetxeak eta Aieka estudioak egin dituzte irudi eta audio lanak, Junkik emanaldiko argiztapena.

DVDa 2015eko irailean aurkeztuko da.

 

(Argazkiak: Ibai Arrieta).