Rafa Ruedak eta Oier Guillanek “Munduaren neurria” eskainiko dute Iruñean

Rafa Ruedak eta Oier Guillanek Munduaren neurria kontzertu-errezitaldia eskainiko dute beste behin, Iruñeko Ade Zaharreko Civibox aretoan: urriaren 13an Civivox Condestable aretoan.

Munduaren neurria Rafa Ruedak eta Oier Guillanek elkarrekin sortu duten kontzertu-errezitaldia da, antzerki ukitu batzuekin dramatizatua.

Ikuskizuna Gabriel Arestiren poema batetik abiatzen da: “Nire buruaz mintzatzen naiz, naizelako/ munduaren neurria”. Ideia horretatik abiatuta mundua eta norberaren arteko harremanean murgilduko dira, hainbat idazleren testuak deklamatuz eta kantatuz: Gabriel Aresti, Jose Luis Otamendi, Vladimir Maiakovski (Koldo Izagirreren itzulpena), Alejandra Pizarnik (Asier Sarasolaren itzulpena), Angelica Liddell (Danele Sarriugarteren itzulpena), Jule Goikoetxea, Brane Mozetic (Rikardo Arregi Diaz de Herediaren itzulpena)…

Irakurri eta kantatuko diren poema guztietan “mundua” hitza azalduko da. Testu horien bitartez munduaren neurria norberarengan topatzen saiatuko dira, jendearen egunerokoan, intimitatean.

Emanaldiaren haria eramateko, pertsonaia baten joan-etorriak kontatuko dituzte, egileen nolabaiteko Alter Eroa: Zauri Bolodia, sasiraultzaile intimoa. Pertsonaia honen bitartez umorea izango dute gidari, testutik testura doan bidean.