“Zanbuia!” emanaldiko liburua eta dokumentala plazaratu ditu BOOKTEGIk

Zanbuia! antzezlanean oinarritutako liburu digitala eta sormen prozesuari buruzko dokumentala plazaratu ditu Booktegi proiektuak. Gure esker ona adierazi nahi diegu hemendik Booktegi-ko lagunei! Zanbuia! antzezlana Eako Poesia Egunen azken edizioan taularatu genuen, horregatik, Eako antolatzaileei eskaini nahi diegu lan hau, urte hauetan guztietan eman dizkiguten esperientzia eta ikasbide eder guztiengatik. (Argazkia: @ikorkotx).

Iaz eszenaratu genuen Zanbuia! antzezlana, Eako kaleetan. Eako Poesia Egunetako antolatzaileen enkarguz. Nahiz eta oraindik ez zen publikoa, kolektiboko kideok bagenekien iazkoa azken edizioa izan zitekeela, antolatzaileek hala aitortuta, eta ideia hori gidoian islatzen saiatu ginen modu metaforikoan.

Metrokoadroka sareko hamalau artista elkartu ginen astebetez Ean, eta egun horietan egindako lanaren emaitza taularatu genuen. Egun horietan Eako Poesia Egunetako lagunekin ezezik, herriko jendeari elkarrizketak egin genizkion, eta herriaren historiaz eta istorioez zipriztindurik idatzi genuen obra. Hamalau sortzaileen artean idazleak, aktoreak, artista plastikoak, musikariak eta zirkugileak egon ziren; guztien artean sormen prozesu kolektiboa egin eta Zanbuia! sortu genuen, behin bakarrik eskaintzekoa zen lana.

Egun haren lekukotza bideoan jaso zuten Peru Galbete eta Aritz Ormazabalek bideoz, eta Ikor Kotxek argazkiz. Irudi horiek makulu hartuta bi lan plazaratu ditu Booktegi proiektuak:

Batetik, Zanbuia! liburua edizio digitalean, Txakur Gorria kolektiboaren hitzaurrearekin, emanaldiko testuekin, argazkiekin eta ostean hainbat komunikabideetan publikatutako kronikekin. HEMEN deskargatu dezakezue liburua.

Bestetik, sormen prozesuaz dokumentala egin dute, emanaldiko irudiak eta elkarrizketak tartekatuz. Jarraian ikus dezakezue emaitza: