ZAURI BOLODIA performancea: bideoa eta testua

2019an site specific performance bat prestatu genuen Bilbon, Dantzertiren enkarguz. Emanaldi hura antzokian bertan sortu genuen, pieza artistiko laburrez osatua, eta Zauri Bolodia pertsonaiaren eguneroko zati berriekin lotua. Jarraian ikus dezakezuena egun hartako piezetako bat da, eta jarraian berriz, bideoaren amaieran entzun daitekeen testua. Pieza honekin antzerkia guretzat dena espresatzen saiatu ginen: mina arintzen duen masajista bat.

Aktoreak bideoan: Ainhoa Alberdi eta Maite Aizpurua.
Bukaerako ahotsa eta testua: Oier Guillan.
Piezaren zuzendaria: Javier Barandiaran.
Performancean ere parte hartu zuten: Idoia Beratarbide eta Asier Sarasola.
Eskerrik asko Xabier Lopez Askasibarri.

TESTUA:

“Batzuetan pentsatzen dut bizitzak, edo munduak, anarkismo berri bat behar duela. Nik ez dakit askorik anarkismoaz, ez naiz inoiz izan bereziki zalea, ez naiz korronte historikoez ari. Uste dudana da, ezintasunaren aurrean benetan ezin dela iraultzaren kaosa antolatu eta administratu. Agian maitasun ekintza anonimoak, bat batekoak, solidarioak behar ditu garai honek, izurrite bat bezala. Maitasunezko ekintzen terrorismoa, enpatia ilogikoa, elkartasun indiskriminatua eta anonimoa.

Ezezagun bati mina arintzea, ezezagun bati elkartasuna adieraztea, ezezagun bat laguntzea, hark zure berri sekula izan gabe. Slavenca Drakulic-ek kontatzen du behin ezezagun batek giltzurrun bat donatu ziola. Obsesionatu egin zuen horrek, eta bilatu egin zuen. Erizaina zen giltzurruna oparitu zion ezezaguna. “Zergatik oparitu didazu giltzurrun bat ni ezagutu gabe?” galdetu zion. “Norbaitek egin behar zuelako”, erantzun zion berak. “Eta zure seme edo alaba batek inoiz beharko balu?” berriz ere Slavencak, harriturik. “Ba orduan espero dut beste norbaitek inoiz gauza bera egingo duela beraiengatik”, erantzun zion besteak. Drakulic-ek liburu bat idatzi zuen elkartasuna ezezagunei adierazten dieten pertsonei buruz. Eta liburua erabateko porrota izan zen, inori ez zaiolako pertsonen gauza onei buruzko istorioak.

Elkartasuna probokazioa baino probokatzaileagoa da. Eta hala da, egungo garai beltzetan zer izan daiteke sistemarentzat beldurgarriagoa trukean ezer jaso nahi ez duen ezusteko elkartasun keinu bat baino.”