Idoia Beratarbide Arrieta kolektibokideak “BIHOTZERO” nobela ilustratu du

Idoia Beratarbide Arrietak Bihotzero liburua ilustratu du, Maider Agirre Gurrutxagak idatzitako nobela. Liburuko ilustrazioetatik abiatuta Idoiak erakusketa bana jarri du Donostiako Garoan eta Oreretako Mikelazulon: libururako sortu ilustrazioak, zirriborroak, eta haietatik abiatuta egindako koadro berriak.

Bihotzero, sinopsia:

“Izebari bisita ospitalera. Familiako kontu zaharrak eta herdoilduak; zulagarriak. Tartean eta halabeharrez, narrazioa poesiarekin josiko da, oraina iraganarekin saretzen den bezala eta zentzumenak pasioarekin. Baina zer gertatu da Maiderren nobelan Idoiaren ilustrazioak txertatu ditugunean? Nobela desnobela egin dela eta auto argitalpena hegaka abiatu dela”.

bihotzero

Hona hemen liburuaren lagin bat:

“Bihotzero.

Batzuek egunero idazten dute; nik, bihotzero. Niri bihotzak agintzen dit noiz, zer eta nola idatzi. Bihotza baita bizi dena, iturria, emaria. Bihotza baita bizitzean kolpatzen duguna, bizitzeko kolpatzen duena, zatitzen dena, goxatzen dena, erortzen, ixten eta ematen dena.

Eta idaztea da filtroa. Anabasa, nahaspila eta masa atomiko guzti horren iragazkia. Bertigoak ez harrapatzeko, grabitazio puntua ez hausteko, burua ez galtzeko errehabilitazio zentrua. Bihotzak bizi banau idazteak ematen dio arnasa bihotzari. Bihotzak bizi, idazteak arnas. Bizi, arnas. Bihotzero”.

eskutitzaIRUDIA-862x1024