Hugo, nor dada Emmy? performancea Metrokoadroka kolektiboak egingo du, Tabakaleraren ekimenez, “Kearen politikak” zikloaren barruan.

Emanaldiaren abiapuntua Hugo Ball-ek Kandinskyren lana oinarri 1917an emandako hitzaldia izango da. Plataforma kontzeptual horren gainean Cabaret Voltaire-ren sortzaileei begirada luzatuko zaie, garaiko emakume artista asko bezala itzalean geratu den Emmy Hennings gogoan, galdera eszeniko hau fisikoki gauzatzeraino: Hugo, nor dada Emmy?

Idoia Beratarbidek emanaldirako sorturiko panpina.

Performanceko testu bat:

“Pertsonak arrastorik utzi gabe desagertzen dira: lehenbizi mundutik, ondoren memoriatik.

Baina pertsona batzuk arrastorik utzi gabe desagertzen dira mundutik, hil baino lehen. Pertsona batzuk ez dute memoriatik desagertzeko aukerarik, aurretik desagertuak daudelako historiatik.

Memoriaren kontrakoa ez da ahaztura. Memoriaren kontrakoa partzialki oroitzea da. Parte bat oroitzea soilik, beste parte bat itzalean utzita.

Poemak, arrastoak dira. Argazkiak arrastoak dira. Artea, arrastoa da. Artearen parte bat ahaztea, arrastoa ukatzea da.

Musa izatea ezabatua izatea da. Argazkietan dagoenak ez duelako ahotsik.

Hitz handien lerro artean hitz handiagoak aurkitzea, historia eta histeria uztartzea da.”

Hugo Ball eta Emmy Hennings.