Allende Arnaizen arte erakusketa Ehuntzen, apirilaren 14tik 27ra

Allende Arnaiz Metrokoadroka kolektiboko bidaideak BIRSORTU izeneko arte erakusketa jarriko du apirilaren 14tik 27ra, Oiartzungo EHUNTZE sormen espazioan, “21 aulki” zikloaren barruan.


EHUNTZE Metrokoadroka kolektiboak Oiartzunen kudeatzen duen sormen espazioa da. “21 aulki” zikloa, berriz,  2018tik martxan dagoen ekimena da, arte diziplina ezberdinak herritarrekin elkarrizketan jartzeko xedez sortua. Iaztik arte plastikoetan oinarritu da gehienbat: seihilean behin artista bati EHUNTZE espazioa eskainiko zaio, bere ideia propio baten inguruan hura eraldatu eta erakusketa bat sortzeko. Lehenengo erakusketa Onintza Etxebesterena izan zen, Allende Arnaizena bigarrena izango da, udazkenean Ainara Lasarena izango da hirugarrena. Erakusketa bakoitzari loturik saio osagarriak eskaintzen dira, solasaldi, errezitaldi edo tailer modura.

“21 aulki” ekimenari loturik artista liburu bilduma bat jarri du martxan Metrokoadrokak, ARTEMUGARRI izenekoa. Allende Arnaizen BIRSORTU liburua inaugurazioaren egunean bertan aurkeztuko da.

EGITARAUA:

-ERAKUSKETA: apirilaren 14tik 27ra. Ordutegia: astelehenetik ostiralera 17:00etatik 19:30era, larunbatetan 11:00etatik 13:30era.

-INAUGURAZIOA eta LIBURU AURKEZPENA: apirilaren 14an 17:30etik aurrera.

-SOLASALDIA: “BIZI-ZIKLOAK bistaratzen”. Ula Iruretagoiena Busturiak gidatua, apirilaren 19an 18:00etatik aurrera: “Hasierak eta bukaerak. jaiotzak eta heriotzak. bizitzaren zikloak berriztatze prozesuak dira, gure inguru fisikoan presentzia maila desberdinetan bistaratzen direnak. naturalak diren eraldaketen atzean dauden estetikak, politikak, kosmobisioen inguruko solasaldia proposatzen da”.

-TAILERRA ETA EKINTZA ARTISTIKO EFIMEROA: Oiartzungo espazio bat eraldatzeko xedea izango du herritarrekin, apirilaren 26an 18:00etatik aurrera. Izen ematea eta informazioa: ehuntze@gmail.com

AZALPENA:

Lehendik basoak zirenak zelai bihurtu zituen gizakiak. Nekazaritza eta abeltzaintza ustiaketak desagertu ahala, lurrak gainbehera egiten du, degenerazioa ematen da. Horren seinale dira ondoren ugaritzen diren belar “txarrak edo “gaiztoak”. Gero laharrak zabaltzen dira eremu osora. Orduan esaten dugu lur horiek zikinak eta utziak daudela, baina laharren tartetik zuhaixkak hazten hasten dira, animaliek edo haizeteen ondorioz ereindako haziekin. Urteak pasa ahala zuhaitzak handitzen doaz eta hazi gehiago botatzen dituzte. Zuhaitzak aski handiak direnean, haien itzalpean lahar gehienak ihartu eta desagertzen dira. Basoa birsortu da.

Hutsik geratu ziren herri txiki asko modu bertsuan hartu zituen naturak. Era berean, duela hamarkada batzuk, herri asko izugarri handitu ziren, gehienbat Espainiako migratzaileentzako auzo berriak eraikiz. Ezagutu zituzten auzo berri horiek guztiek garai distiratsuak: etxe berriak, komertzio eta lantegi ugariak, eskola eta eliza berriak. Urteak pasa ahala hauetako asko gainbeheran hasi ziren, etxeak hondatzen, komertzioak eta lantegiak isten, zikina bazterretan. Laharrak eta belarrak tokia hartzen hasi ziren. Zenbait biztanle beraien jatorriko herrietara bueltatu ziren, eta beste batzuk etorri dira. Ari dira beraien hazia ereiten. Etxeak berritzen. Paisaia eraldatzen. Haurrekoek bezala hizkuntza eta jaki berriak ekartzen. Auzoa birsortu da.

Erakusketa honetan egileak natura eta hirietan ematen diren prozesu antzekoak jarri nahi ditu aurrez aurre. Bien artean kontraste handia badago ere, birsortze prozesu beraren parte dira. Hasiera batean elkarrengandik urrundutako gauzak direla dirudien arren, lotura dute. Degenerazioa egoera negatibo baten seinale izanik ere, biziberritzearen parte da: naturaguneen berreskuratzea eta degradatutako auzuneen biziberritzea.

ERAKUSKETARI BURUZ:

Birsortu erakusketan serigrafia eta argazki dokumentuen bidez Allende Arnaizek bere lana instalazio moduan aurkeztuko du.

Horretarako, egileak erakusketaren parte den “Laharrak eta belarrak” serieko serigrafiak Iztieta auzoko garaje batekoekin jarri ditu aurrez-aurre. “Laharrak eta belarrak” serieak bazterreko landaredia jasotzen du, lorategietan ez dagoena. Serie hau zelaiak eta soroak hartu eta baso bilakatzen dituzten landareei balioa emateko sortu zen, haien garrantzia eta edertasuna azaleratuz. Modu berean, Iztieta auzoan abandonatuta dauden auto konponketa garajeen ateen estetika erabiliz eta hauen irudiak serigrafia bidez manipulatuz, begi bistan jarri nahi da auzoaren eraldatze prozesua. Lehengo komertzio gehienak desagertzen ari dira, baina baita berriak sortzen ere, bizilagun berrien ohiturak eta beharrak asetuz: Halal harategiak, Kebabak, bizartegiak, yoga zentroak, kafetegiak…

Bi elementuak bere testuingurutik atera eta manipulatuz, artistak beren izaera eraldatzaileari garrantzia eman nahi izan die. Garaje bateko atearen zati batekin patroi bat egin du, errepikapenaren bidez irudi geometriko ezberdinak sortuz. Patroi hau hainbat alditan estanpatu ondoren Ehuntzen ikusi ahal izango den instalazioa izan da emaitza, zeinean erakusketara datorrenak bere konposizio propioa osatu dezakeen.