Onintza Etxebesteren erakusketa eta literatur errezitaldia, aurtengo “21 aulki”n

Onintza Etxebeste Lirasen “Tradizioak/Traizioak” erakusketa antolatu dugu aurtengo “21 aulki” zikloan; Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarte idazleek erakusketako arte lanetan oinarritutako testuak idatzi eta errezitatuko dituzte.

Ehuntze sormen espazioan “21 aulki” ekimena antolatu dugu.
Aurtengo edizioan arte plastikoei zirrikitua zabaltzea izango da asmoa, diziplinartekotasunaren bidean arte plastikoak literaturarekin elkarrizketan jarriz. Horretarako, Onintza Etxebeste Lirasen “Tradizioak/Traizioak” erakusketa ikusi ahal izango da, eta Oihana Arana, Goiatz Labandibar, Karmele Mitxelena, Olatz Mitxelena eta Itziar Ugarte idazleek erakusketako arte lanetan oinarritutako testuak idatzi eta errezitatuko dituzte.

Erakusketa urriaren 5etik 21era egongo da zabalik, eta errezitaldia urriaren 13an 19:00etan izango da.

Erakusketa iraun bitartean irekita egongo da astelehenetik ostiralera 17:30tatik 19:30etara, eta larunbatetan 11:00etatik 13:30etara. Artista larunbatetan izango da bertan

ERAKUKETARI BURUZ:

Tradizioak/Traizioak. Hilotzen trama erakusketaren oinarria euskal iruditeriarekin lotutako esanahiak berrasmatzean datza. Herri-ondare diren irudi tradizionalekin esperimentatzen duen prozesua da, gure erreferente kulturalen kontserbazioaren eta subertsioaren artean sortzen den eztabaidan kokatzen dena.

Bada, tradizioari egiten zaion traizioa deliberamenduaren unean hasten da, elementu batzuk gorde eta transmititzea jomugan duen bezala errelato jakinak eraikitzen baititu eta, era berean, beste batzuk kanpoan utzi. Aldeko edo kontrako hautua egiterakoan tradizioari traizionatzen zaio; joerak egonkortzerakoan, traizioa tradizio ere bilakatzen da.

Onintza Etxebeste Liras-en erakusketak biltzen duen instalazioak, hainbat pieza direla medio, argazki zahar horiek bildu, zatikatu, editatu, elkarlotu eta zabaldu egiten du. Irudien gainean burututako prozedurek imajinarioaren hedapenaren eta erretrakzioaren tarteko bideak dira eta, nolabait, errelato iraunkor eta eraldakorren mugetan posizionatu nahi
gaituzte. Tolesdura, ebaki eta muntadurak gainjarrita, traizioak bide ematen dio beste trama bati, narratibaren artikulazio interpretatibo bati.